Egileentzako informazioa

Informazio orokorra
Informazio orokorra 1949. urtetik Aranzadi Zientzi Elkarteak argitaratzen duen MUNIBE aldizkariak bere goiburua bi aldizkaritan banatu zuen 1985. urtean: MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) eta MUNIBE (Ciencias Naturales - Natur Zientziak). MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) aldizkaria 2.000 ikertzaileri eta liburutegi espezializaturi banatzen zaie eta datu-base hauetan indexatuta dago: FRANCIS, GEOREF, ANTHROPOLOGICAL LITERATURE eta ISOC.
Aldizkarian lantzen den gai-multzoak Antropologiaren (Fisika, Biologia, Kultura, Gizartea eta abar) eta Arkeologiaren (bai historiaurrekoa, bai historikoa) alderdi guztiekin du zerikusia. Aldizkarian, gehienbat, Europako hego-mendebaldeko eremu geografikoa jorratzen da, baina horrek ez du esan nahi balio unibertsaleko beste gairik lantzen ez denik. Aldizkariak jatorrizko testuak eta argitaratu gabeak soilik onartzen ditu eta, halaber, honako hizkuntza hauetan idatzitakoak: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa edo alemana. Aurten argitaratuko diren jatorrizko testuak ekainaren 30erako bidali beharko dira, beranduenera.
Aldizkariak badu kanpoko ebaluazio-sistema bat. Jatorrizko testua jaso ondoren, beherago azalduko diren zehaztasunen arabera, aldizkariko Zientifiko Batzordeak bi eta bost berrikusle artean proposatuko ditu ekarpen bakoitzerako; berrikusle horien txosten anonimoak eskuizkribuaren lehen sinatzaileari helaraziko zaizkio, egileak eskuizkribua egokitu dezan. Egokitutako eskuizkribuak aurtengo urriaren 1erako egon beharko du aldizkariko idazkaritzan. Egileek artikuluaren inprentako proba zuzendu ahal izango dute; baina, horretarako, Erredakzio Batzordeak ezarritako epeak bete beharko dituzte. Ahal den neurrian, egilea eta aldizkaria bide elektronikoz komunikatuko dira. Bai jatorrizko testuaren jasotze-data, bai haren behin betiko onarpen-data editatutako testuaren goiburuan adieraziko da. MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) aldizkariak testuari dagokion zenbakiaren hiru ale helaraziko dizkio ekarpenaren lehen sinatzaileari; bai eta testuaren azken bertsio elektronikoa (PDF) ere. Aldizkaria dagokion urtearen barruan argitaratuko da.

Eskuizkribua bidaltzea
MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) aldizkaria hiru modalitatetan argitaratuko da: aipatutako gai-multzoen artikuluen nahasketa gisa, aldizkariaren zenbaki monografikoetan eta gehigarrietan; gehigarri horiek ez dira urteko argitaratuko. Nahasketaren modalitatean, bi motatako ekarpenak onartuko dira, artikuluak (gehienez 35.000 hitzekoak) eta oharrak (gehienez 2.300 hitz). Proposatutako euskarri grafikoek eta kritikoek eskuizkribuaren tamainarekiko proportzionalak izan beharko dute, baina badira salbuespenak, noski (adibidez, arte paleolitikoarekin zerikusia duten gaietan edo eduki historiografikoko artikuluetan).
Eskuizkribu guztiak MUNIBE (Antropologia - Arkeologia) aldizkariko Idazkaritzara bidaliko dira: Aranzadi Zientzi Elkartea. Zorroagagaina. 20014 Donostia. Eskuizkribuarekin batera, testuaren kopia batekin, euskarri elektronikoan egindako kopia bat ere bidali beharko da; euskarri elektroniko horrek, material grafikoa, taulak eta abar izango ditu. Testuaren lehenengo orrialdeetan, honako informazio hauek zehaztu beharko dira: lanaren izenburua, lanean bertan erabili den hizkuntzan adierazita eta, beti, gazteleraz eta ingelesez; izenburuan azaltzen ez diren bost hitz giltzarri azaldu beharko dira gehienez, hizkuntza horietan ere; lanaren laburpena (gehienez, 150 hitz), horiek ere hizkuntza horietan, baita euskaraz ere (erredakzioak euskaratuko ditu Euskal Herritik kanpoko igorleen testuak); egilearen edo egileen izen osoak; artikuluaren sinadura-ordena, eta egilearen edo egileen ikerketa-zentroa (lehen sinatzaileak, gainera, bere helbide osoa eta posta elektronikoko helbidea adierazi beharko ditu).
Testuak sistema eragile eta testu-tratamendurako programa arrunten batean egin (edo programa horretara egokituak) behar dira: Windowsentzat egindako Word programaren azken bertsioak lehenesten dira. Lanek atalak eta azpiatalak izan ditzakete, eta atal eta azpiatal horien izenburuak argi eta garbi idatzi (letra lodiarekin eta azpimarratuta idatzi beharko dira atalak eta, letra lodiarekin soilik azpiatalak), eta behar bezala sailkatu behar dira (zenbaki arabiarretan; esate baterako, atalak “2.” zenbaki arabiarrarekin sailkatu dai-tezke; eta azpiatalak, berriz, “2.4.” zenbakiarekin). Beti sartu beharko da lanean azken atal bat; azken atal horretan, artikulutik eratorritako gogoeta orokorrak edo ondorioak azalduko dira. Lana egitean parte hartu duten egilearen proiektuen edo ikerketa-taldeen aipamenak artikuluaren amaieran azalduko dira beti, esker onen atalean; atal hori ez da zenbatuko. Jarraian, testuaren bibliografia idatzi beharko da. Behar bezala arrazoitutako kasuetan, eranskinak gehitu daitezke, lana amaitzeko.
Ahal den neurrian, oin-oharrak (korrelazioz zenbatuta azpiindize tipoarekin) ez dira sartuko, eta inoiz ere ez da azken oharrik idatziko. Taulak korrelazioz zenbatu behar dira zenbaki erromatarretan, eta taula-oinarekin batera sartu beharko dira testuan (argitaratutako testuan kokatu nahi den leku berean edo inguruan). Euskarri grafikoa (planoak, krokisak, irudiak, argazkiak eta abar), berriz, jatorrizko testuan jasoko da irudi baten bidez (adibidez, 1 Argazkia); irudi hori argi eta garbi nabarmendu beharko da letraren kolorea aldatuz, eta, argitaratutako testuan, haren kokalekua izango dena gutxi gorabehera hartuko da kontuan. Irudi bakoitza aparteko orrialde banatan inprimatuko da (landare-paperean, argazki-paperean edo glossy motako paperean); haren argazkiaren erreferentzia eta argazki-oina adierazi beharko dira, gainera. Argitaratzeko nahikoa kalitate duten irudiak soilik onartuko dira; erabilitako bereizmena, irudiaren tamaina zein tratamendu osagarria balioetsiko dira, irudia tratatzea beharrezkoa izan bada (eskala grafikoa, elementuen zenbakitzea, marraztutako zatien atalak, planoen idazkunak eta abar). Bertsio elektronikoan bidaltzeko, aholkatzen da 600 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin eta EPS, TIFF edo JPG formatuetan bidaltzea. Salbuespenetan soilik argitaratuko dira koloretako argazkiak, editoreei aurretik ohartarazi ondoren eta, beti ere, irudi horien maketazioa berrantola badaiteke.
Aipamen bibliografikoak eta haien bilduma zehazki berrikusi behar dira (testuan aipatzen den bibliografia guztia eskuizkribuaren amaieran zerrendatu behar da eta bibliografiaren atalean sartutako lan guztiak, gutxienez, behin aipatu behar dira jatorrizko testuan). Testuan aipamen bibliografikoen egilearen edo egileen lehenengo abizena (edo biak) letra larriz adieraziko dira (izenaren lehenengo letra ere bai, hainbat autoreren artean nahasketak sor badaitezke soilik); bai eta aipamen hori argitaratu zen urtea ere, komaz bereizita. Egile bereko urte beran sarrera bat baino gehiago badago, testuko aipamenei eta bibliografiako zerrendari letra xehe bat gehituko zaie (adibidez, 1972a, 2006c eta abar). Beharrezkoa denean, dagokien orrialdeen erreferentzia ere adieraziko da; aurreko testuaz bereiziko dira bi punturen bidez. Hiru egile baino gehiago badira, lehen sinatzailearen abizena eta et alii idatzi ahal izango da aipamena egiteko.
Testuaren bibliografia azken atal gisa sartuko da lanean, baina zenbatu gabe. Egile bakoitzarentzat edo egileentzat, lanak argitalpen- dataren arabera antolatuko dira, jarraian honako informazio hau bilduz: lanaren izenburua, aldizkariaren izenburua, liburukia eta orrialdeak. Aldizkariaren eta liburukiaren izena letra etzanez idatzi behar dira. Aldizkari baten ordez, lan bat bada, lanaren ondoren (letra etzanez idatziko da), argitaratzailearen eta argitaratutako hiriaren izenak idatzi behar dira. Aldizkarien laburdurak ez dira onartzen.

Adibidez:
LEROI-GOURHAN, A.
1959 Résultats de l'analyse pollinique de la grotte d'Isturitz. Bulletin de la Société Préhistorique Française 56, 619-624.

WINKLESS, N.B.
1975 Climate and the affairs of men. Harpers Magazine Press. New York.