Aranzadi Zientzia ElkarteaHerpetologia Behatokia

Lehenengo lan-taldea sortu da Atlantiko Ipar-ekialdeko itsas dortoken defentsan

Aranzadi Zientzi Elkartea eta Donostiako Akuarioa taldeko kide izango dira

Aranzadiko Herpetologia Behatokiak antolatuta, azaroaren 14an eta 15ean Donostiako Akuarioan egin ziren Jardunaldi Teknikoen ondorio nagusia lan-talde baten sorrera izan da Atlantiko Ipar-ekialdeko itsas dortoken defentsan aritzeko. Irlanda, Ingalaterra, Frantzia eta Portugalez gain, Kantauri aldeko autonomia erkidegoak ere (hau da, Atlantiko Ipar-ekialdeari eta Bizkaiko Golkoari inguratzen zaizkien herrialde guztiak) bere baitan hartzen dituen lan-taldean parte hartuko dute, beraz, bi erakundeok. Klima-aldaketa, ezbeharrezko arrantza, plastikoen kopurua itsasoan murrizteko premia eta datu-base baten sorrera dira bi jardunaldietan jorratutako gai nagusiak.

Ezagutza zabaltzeko eta horrela itsas dortokak inguru horretan zaintzen laguntzeko, parte-hartzaileek elkarrengandik hurbilago lan egin eta etorkizunean hainbat ekimen garatzeko konpromisoa hartu zuten. Klima-aldaketa eta habitat-galera kontuan harturik, “ekarpen global bat egin beharrean gaude itsas dortoken ekologia ulertzeko”, eta hori izan da hain zuzen parte-hartzaileek hartutako beste konpromisoetako bat.

Jardunaldietan, Atlantiko Ipar-ekialdeko dortoken kontserbazioan interesa dutenak eta ikertzaileak bildurik, espezieak zaintzeko erantzukizun kolektibo bat behar dela nabarmendu zen, talde hau ikertu eta zaintzeko eremu geografiko paregabetzat jotzen den inguru honetan dortokek elikatu eta hazteko dauzkaten aldeko baldintzak, eta horren ondorioz, Europako Itsas Estrategiaren barruan espezie hau integratzeko beharra kontuan harturik. Giltzarri diren espezieei dagozkien kudeaketa-planak badirenez gero, itsas dortokak zerrenda horretantxe sartu beharra dagoela azpimarratu zen. Alde horretatik, arduradun politikoei eta publikoari, oro har, espezie hauek jasaten dituzten mehatxuen berri eman behar zaiela ondorioztatu zen eta Europar Batasunean hura aurkezteko protokolo bat prestatzeko konpromisoa erdietsi zen.

Eremu geografiko honek hainbat espezietako ale gazteei beren estazio ozeaniko-pelagikoan elikatzeko zonaldeak eskaintzen dizkiela ere egiaztatu zen eta egiazko karetak habiak egiteko dituen leku garrantzitsuetan hirugarrenarekin (Cabo Verde-ko Irlekin) batera azaltzen da.

Itsas dortokei behatzea oso zaila bada ere, horiei buruz dauzkagun ezaupideek zera frogatzen dute: habitat pelagiko hau hainbat espeziek erabiltzen dutela eskualde oso zabaletan. Dortoka batzuk hondartuta gelditzen dira tenperatura baxuak direla eta; baina harrapaketa intzidentala, hau da, harrapaketekiko interakzioa, dortoken arazo larritzat jotzen da, zalantzarik gabe. Arrantzaren eragina zehaztea eta eragin hori minimizatzeko hartu beharreko neurri zuzentzaile egokiak aplikatzea lehentasunezko helburuak dira, bai eta larruzko dortokaren balizko habitatak edota “hotspot” delakoak identifikatzea ere. La Rochelle-ko Akuarioko eta estatuko beste sustapen-etxe batzuetako biologoek eta albaitariek egindako ikerketen arabera, larruzko dortokaren hilkortasun-kausa nagusietako bat itsasoan aurkitzen diren plastikoen ingestioa da –elikagai dituzten marmokekin nahasten baitituzte–, elikatzen jarraitzea eragozten dien digeritze-aparatuaren buxadura eragiten diena.

Jardunaldi Teknikoetan Irlandako, Cabo Verde-ko, Iberiar Penintsulako eta Espainia eta Portugalgo irletako ahozko hamazazpi aurkezpen egin ziren, eta horrez gain, baita Uruguay-ko harrapaketa intzidental baten azterketa ere, ur hauek itsas dortokentzat zeinen garrantzitsuak diren agerian utzi zutenak.

Jardunaldiak, halaber, “Itsas Dortoka” proiektuaren halako osagarri bat ere izan dira, proiektu horren arduraduna Nagore Zaldua izanik, Aranzadiko Herpetologia Behatokiko biologoa.

Informazio gehiagorako proiektuaren buruz, sakatu hemen.